PSOE 1975-1978 eta sujeto politikoaren aitorpena Estatuaren egituraketa konstituzionalean.

      Mikel Aldasoro Jauregi


      2- Frankismoaren azken urteak, aldaketaren haritik

      Alde faxista eskuindarrari hasiera batean Guda Zibileko garaipen militarra boterean irauteko aski bazitzaion ere, denborak aurrera egin hala legitimazioaren kezkak indarra hartu zuen, Europako mendebaldeko herrialdeen egituraketa politikoen zein estatuko gizarte mutazioen aurrean jada ez baitzen aski gurutzadaren diskurtso soil eta gordina. Frankismoaren buru politikoen asmoa ez zen denbora tarte batera mugatzen (eta harrez gero hogeita hamar urtetik gora iraganak ziren agintearen makila eskuan zutela), luzapen mugagabeko aro bat amesten zuten egitura zein "mugimenduko" ideientzat, baina horretarako ezinbestekoa zen normalizazioan, legitimazioan, barne kontraesanak gainditzeko orduan zein iraunkortasunean urrats sendoak ematea. Atalak hauek guztiak Guda Zibilak ez baitzituen erabat konpondu.

      Eta historiaren hitz jokurako parada egokia eskainiz, aipatu helburuak zituen 1969ko "Jarraipen Legeak" aldaketaren aroa zabaldu zuen. "Jarraipen Legea" eta urte bat lehenago indarrean jarri zen "Mugimenduaren Oinarrien Legea" frankismoaren birsorkunde etengabearen bizkar hezurra izan asmo bazuten ere, kontua da 1969tik aurrera Estatu espainiarreko era guztitako gertaera politikoek sistemaren egituraketan handik zein hemendik pitzadura gero eta sakonagoak eragiten ari zirela aldaketa iragarriz. Are gehiago, abagadunearen muinaz jabetuta, benetako eztabaida ez zen aldaketa bai/ez, aldaketaren izaera baizik, batzuek dena berdin jarraitzeko aldatu-moldatu beharra azpimarratzen zuten bitartean, beste batzuek aldaketa sakona-erabatekoaren ezinbestekotasuna azpimarratzen baitzuten, tartean une historikoa hurbiltzen ari zen susmoa nagusi.

      2-a II. Errepublikako belaunaldiaren azken aroa, 1970-72.

      Esan bezala "Ordezkapen Legea" indarrean jarri ondotik izugarri azkartu ziren gertaera politikoak Estatu espainiarrean. 1970 urtearen bukaerako "Burgosko epaiketa" erregimenaren aurkako indarrak batu eta indartu zitueneko une erakusgarria izango da. Ehunka elkartasun atxekimendu, mobilizazio, greba, adierazpen, nazioartean izan zuen oihartzuna....oposizioak inoiz nabaritu ez zuen indarraldia, beste hainbat eta hainbat erakuslek sendotu baino egiten ez zuten oharmena.

      Nazioarteko krisialdi ekonomikoak sakonki eragiten zuen Estatuan garapen egitasmoen garaiko loraldiak goia jo zuela erakutsiz. Eta krisialdi ekonomikoaren haritik langileen mobilizazio eta protestaldien zurrunbiloa: mobilizazioak, grebak, errepresioa, langileen kanporaketak, isunak, elkartasun lanuzteak kaltetuekin eta segurtasun indarren eskuhartze sarritan odoltsua: Eibarren, Granadan, Madriden... Beste alde batetik, Estatu espainiarraren izaerak berak asko zailtzen zuen inguruko herrialdeekiko harreman politiko-ekonomikoa, Europako Elkarte Ekonomikoaren kasuan garrantzi berezia hartzen zuelarik. Izan ere, mendebaldeko eredu kapitalistaren araberako hazkunde ekonomikoak ia ekidin ezina egiten zuen Europako Elkartearekiko hartu-eman komertzialean buru belarri murgiltzea.

      Gizartea bera, herritarrak, zen erregimenaren beste kezka potoloenetakoa, zegoeneko 1970ko gizarteak zerikusi gutxi baitzuen 1939koarekin. 1970koa gizarte industrializatua zen, modernoa, simismen eskasekoa eta eredu politiko kulturalak Europan zein EEBBetan zituena, Espainiako errealite estu-organikoan eroso moldatzetik urruntxo. Honek guztiak frankismoaren egituretan desegonkortasun eta kontraesanak sortzen zituen neurri berean, Eliza bezalako aliatu estrategikoa ere erreginenarengandik urruntzen ari zen, oposizioaren itxaropena bizkortzen ari zen.

      Aldaketaren itxaropena bai baina politikagintzan zuzenean eragiteko gaitasun eskasa zuten oposizioko talde eta erakundeek. PSOE izanik oposizioko alderdi garrantzitsuenetakoa, nagusiki Guda Zibileko iheslari ezkertiarrek osatuta talde-federazio gehien gehienak atzerrian zituen, Europan eta Ameriketan sakabanatuta. Estatu barnean ere bazituen taldeak baina oso gutxi, gainera baliabide eskasekin eta errepresioaren jazarpenak zeharo mugatuta (19).

      PSOEk alderdi eskas eta gainditu baten soina zuen garai honetan. Estatuko politikagintzan zuzenki eragiteko gaitasunik ezean, besteak beste eragiteko egon, egon behar delako, PSOEren iharduera nagusia "Le Socialiste" aldizkaria argitaratzea eta oposizioko alderdiekin zein beste herrialdetako sozialisten ordezkariekin biltzera mugatzen zen. II. Errepublika garaiko kide eta alderdiko zuzendariek II. Errepublikan zuten erreferentzi politiko nagusia eta ia bakarra, baina zegoeneko hogeita hamar urteko tartea atzean zenez, etsipen-ezintasun sakona islatzea ekidin ezina suertatuko zaie.

      Oposizioko gainontzeko alderdi politikoekiko harremanen antzutasunaren lekuko izango dira PSOEren XI. eta XII. biltzarretan aurkeztuko diren txostenak zein "Le Socialiste" aldizkarian agertuko diren idazkiak. Kezka nagusia zera izango da: egin egiten direla bilerak, baita II. Errepublikaren zilegitasuna aldarrikatu eta hauteskunde askeak eskatu, baina gero horrek ez duela indarrik, bertan ahitzen dela. Alderdiaren zuzendaritzaren erantzunak etsipen-ezintasun lerro beretik joko du bai "Le Socialisten" bai 1970eko biltzarrean eta hauxe ekarriko dute gogora, 1960an oposizioko talde gehientsuenekin (komunistak izan ezik) eratutako "Unión de Fuerzas Democráticas" lankidetza taldearen baliogarritasun estrategikoa demokrazia erdiesteko, nahiz eta jarraian onartu taldea ez dela benetan lanean hasi eta 1967ko biltzarrean zein 1970koan PSOEk deialdi berezia luzatu arren, oraindik ez dela ezer eraginkorrik abian jarri.

      Alderdi politiko baino behatzaile aztertzaile politikoa den PSOE honen desegituraketaren azken erakuslea programa politikorik eza izango da. Nonbait, alderdiaren Batzorde Eragileak 1970eko biltzarrerako aurkeztu behar zuen baina, egitaraua osatzeko ez gaitasunik ez denborarik izan ez dutela onartuz, PSOEren Batzorde Eragileak Mexikoko taldeak osatutako egitasmo- zirriborroa aurkeztuko du XI. biltzarrean. Alderdiaren talde desberdinen ekarpenak eta zuzenketak jaso ondoren, 1970eko urriaren 8ko "Le Socialiste" aldizkariaren bi orrialdetan argitaratuko da PSOE egitarau politiko ofiziala. "Mexikoko egitaraua" deitua izan zen hau da alderdiaren jarrera politikoa aztertzeko baliogarria izango den ekarpen edo berrikuntza. Izan ere, ia gainontzeko pentsamendu politiko guztia II. Errepublika garaiko oinordekotza baino ez da izango: Ejekutibaren adierazpenetan zein "Le Socialiste" aldizkarian etengabe agertuko dira II. Errepublikako konstituzioa onartzeko kongresuan sozialistek botatako hitzaspertu oso osoak, II. Errepublikako Gobernuaren zilegitasunaren aldarrikapena, diktadudura gainditzeko II. Errepublika garaiko ordenu juridiko-politikoa behin behinekoz onartzeko proposamena, orduko buruzagi sozialisten goratzarrea etab.

      Pentsamendu politikoaren gainontzeko ataletan bezalatsu, Estatuaren lurralde antolaketa edo sujeto politikoaren aitorpenaren inguruan PSOEren jarrera II. Errepublika garaiko ideien luzapena da. Bestalde, ez da harritzeko jakinda buruzagi berak zirela. Dena den, XI. biltzarreko erabakien funtsari zein 1970-72 denbora tartean "Le Socialiste" aldizkarian argitaratutako proposamen azterketari tarte berezia eskainiko diegu 1972ko abuztuan ospatu zen XII. biltzarrak norabide aldaketa ezartzen duelako. Beraz, aldaketa horretaz jabetzeko bederen, ikus dezagun zertan zetzan PSOEk Estatuaren lurraldetasunaz, sujetu politikoaren aitorpenaz zuen ideia frankismoaren amaiera sumatzen hasi zen aurreneko urte haietan.

      XI. Biltzarrean aurkeztu eta gerora ofizialki onartu zen "Mexikoko egitarauan" argi azaltzen den bezala, PSOEk aurrebaldintza adierazgarria jartzen dio Estatuaren balizko egituraketa demokratikoari, hots, "Espainiaren batasunaren errespetua". Eta alderdiaren aipatu egitarau politikoan zehazten den eran zehaztuta, "Espainiaren batasunaren errespetua" hori Estatuak demokratikoa izateko bete behar dituen baldintzen gainetik dago. Zera, aurreiritzia dela, sozialistentzat berez emandako gauza, Estatua bat bakarra behar duela izan, sujeto politiko bakarrekoa lurralde luze-zabalean. Horrek zerikusi zuzena du pentsakera politikoaren oinarri-aurreoinarriarekin, baina balizko itaunketa demokratikoaren aurretik "Espainiaren batasunaren errespetua" ezartzeak PSOEren kezka nazionalista-españolista baino ez du islatzen.

      "Mexikoko egitaraua" baino lehen 1970eko uztaileko "Le Socialiste" aldizkarian agertutako idazkian bezala, bata bestearen atzetik zehazten ditu PSOEren ustez Estatuak bete behar dituen baldintzak demokratikoa izateko: lehenik eta behin herritarren borondatearen gauzapena izatea eta honen atzetik gainontzekoak: oinarrizko giza eskubideen errespetua, sufragio unibertsaleko hauteskundeak, botere banaketa, adierazpen askatasuna.... Beraz, baldintza hauen arabera Estatua demokratikoa izango bada, eta jo dezagun sujeto politiko bakarra dela Estatu osoan, demokratikoki bai erabaki lezakeela bat izan edo ez, hots, anitza izan, bere baitan eta bere borondatez zatikatzea. Ba, PSOEk lehenago jarriko du demokraziaren amaiera mugarria: sujetu bakarra eta "berez" zatiezina, ezta berak hala nahi izanda ere. Horretarako banatzen baititu bi ataletan oinarri demokratikoak eta lurralde antolaketaren gaia, lehenengoan erabateko hutsunea eta bigarrenean baldintza zorrotza ezarriz, "Espainiaren batasuna errespetatu".

      Behin mugarri zurrun hauek emanda, "Mexikoko egitarauan" aipatzen den "Espainia osatzen duten herri ugariak onartzeko" borondateak deszentralizazio administratibo hutsean izango bide du gauzapena, eta hau ere helburu nagusiari jarraiki: "separatismoaren sentimentu ezkorra ekiditea". Edonola ere, "Mexikoko egitarauaren" "herrien onarpen" bitxi horrek ez dakar berarekin herriei dagokien eskubide guztien aitorpena (sujeto politikoaren eskubidea, autodeterminazio eskubidea besteak beste) eta deszentralizazio administratiboaren ildo nagusiek herrien onarpenetik ondoriozta daitezkeen edukinetan sartu gabe (hizkuntzak, eskubide historikoak, eskuduntza garrantzitsuenen aipua, herrien eta Estatuaren arteko harremanak...) irizpide tekniko-administratiboak baino ez ditu zerrendatzen: "udal autonomoak eta demokratikoki hautatutako ordezkariek osatuta (...) bere eskuduntzako ihardueren deszentralizazioa (...) udalak elkarrekin federatzeko aukera izan dezatela (...)".

      Ia hogetita hamabost urte atzeragoko hizaspertuen bir-edizioaz hitz egin dugu aurrerago, eta dagokigun gaiari atxekiz, 1970eko azaroaren 20ko "Le Socialiste" aldizkariak ("Mexikoko egitaraua" argitaratu eta hilabete eskasera) Luis Jiménez de Asúak II. Errepublikako Constituzioa Gorteetan aurkezteko burutu zuen hitzaspertua berriro argitaratuko du hitzez hitz. Eredugarri eta maisutzat duten buruzagi sozialista honen diskurtsoak II. Errepublikako PSOEren egitasmoak azaldu ezezik, "Mexikoko egitarauaren" mamia ere ederki ulertarazten du. Asúak hitzez hitz esango du Estatu Federala "espreski" ez zutela osatu nahi izan, nonbait "federatu, sakabanatutako elementuak federatzen direlako" eta haien asmoa bestelakoa zen: "estratega argitsuenei eta aurreratuenei" jarraiki "Estatu integrala" eratzea, lurralde desberdinetako ordurarteko burujabetza "politiko-administratiboa baino ez den autonomiara" mugatuz. Marko honetan eta "Estatu bakoitiek" porrot egin duela esanda, buruzagi sozialistak azalduko du haien helburua "Estatu integrala" dela, "Espainia handia eta erregioen" elkarbizitza ahalbideratuko duen eredua. Ze bizitza mota aurretik zehaztuta egon arren (hondar politiko-administratiboak), zera gehituko du, lurralde bakoitzak "kulturak eta garapenak emandako merituen" araberako autonomia eskuratuko duela.

      "Espainiaren batasunaren errespetua", "deszentralizazio administratiboa" zein "Estatu integrala" elkarren atzetik oinarri, bitarteko eta helburu izaki, PSOEk ezkerreko internazionalismoan bilatuko du honen guztiaren arrazoibide nagusia, alderdiaren nazionalismo espainiarraren erro sakonaren bai subkonszientea bai kontzientzi argiaren agerkari etengabea izan arren, baina hori aurrerago aztertuko dugu.

      Formaren baitan klase borroka nazionala dela edo antzekoak dioten oinarri marxistak albo batera utzita, "munduko langile guztiak batu zaitezte" eta iraultza mundialaren leloak izango dira berriro PSOEren espainiar abertzaletasunaren estalkia. Estatuaren lurralde antolaketaren gaia aipatzen den bakoitzean aterako da arrazoibide "internazionalista", berriro ere "Le Socialiste" aldizkariko idazki eta editorialek ispilu emankorra eskaintzen digutelarik.

      PSOErentzat sozialismo-gintza ez da nazio bati (edo Estatu) egoki dakiokeen borroka, 1971ko martxoaren 25eko "Le Socialiste"ko editorialak azalduko duenez, "sozialismoa erregimen unibersala da. Beraz, nazio eta mugen desagerpena dakar". Sozialistentzat "Elkarte Unibertsala" izango da azken helburua eta noski, hau erdietsi bitartean, "ekonomiak, komunikabideak, merkataritzak..." berez nazioen mugak gainditzen ari diren bezala, PSOEk Estatu Espainiarraren barruko mugak gainditu eta ezabatu nahi izango ditu, "historiaren norabidea izateaz gain", ez baitu zentzurik gero ezabatuko dena orain iraikitzea.

      Antza, kezka bai sortzen zuela gaiak, zeren hainbat editorialetan azaltzeaz gain, 1971ko uztailaren 29ko aldizkari sozialistak bi orrialde oso eskaintzen dizkio, bi izenburu esanguratsuekin: "Sozialismoa eta mundialismoa" bata, "Sozialismoa eta supranazionala" bestea. Aurrenekoan luze eta zabal azaltzen da nola munduko arazo nagusiek ez duten konponbiderik Estatu-nazioen markoan eta "eskuduntza mugatuko botere mundialaren" egokitasunaren alde arrazoitzen da ondasunen batasuna, gosea, armen arazoa, ingurugiroa edo biztanlegoaren hazkundea bezalako gaiei aurre egiteko. Sozialistek aberriaz duten kontzeptuak gizateriaren idei nagusiago bat adierazi nahi duela azalduz hasten da bigarren artikuloa. Jarraian lehen aipatu dugun marxismoaren irakurketa lerroan murgiltzen da eta amaieran zehazten du delako "Elkarte Unibertsala" ezin dela nazioen borondatearen gainetik eraiki, "neurri batean Gaztelak Espainian egin zuen bezala", baina hortxe geratzen da: "askatasunean bizi nahi duten elkartean" eta gure gaiari dagokionez bere horretan, zein izango den elkarteko kide bakoitza eta egongo ote den kanpoan geratzeko aukerarik esan gabe.

      Eta sozialisten langintza unibertsalari "Sozialismo bakar bat" egokituko dio PSOEk, 1971ko martxoaren 25eko "Le Socialiste"en editorialaren izenburuak dioen bezala. Hurrengo aleak (apirilak 1) gai berari jarraiki azalduko duenez "sozialismo bakarra dago munduan" eta zenbait jende sozialismo frantziarraz, italiarraz, suediarraz.... zein bestelakoei buruz mintzatzen bada "erosotasun intelektuala" da arrazoia, ez besterik. Bere egoera berezitik abiatuta eta "bertako idiosinkrasiari jarraiki hauetako bakoitzak helburu komuneruntz gidatzen baitu herria". Balizko arrazionalismo unibertsalistaren lerro berean oraindik aritmetikoagoa izan nahian, 1971ko apirilaren 29ko "Le Socialiste"ko editorialak PSOEren espainioltasunaren azalpen geografiko aseptikoena emango du: "Eta Espainia da, guretzat, geografia zatia non, jaiotze arrazoiagatik sozialismoaren alde borrokatzea dagokigun". PSOE unibertsaltasunaz ari denean beraz, ez dago inongo abertzaletasun sentipenen arrastorik, aritmetika-kartografia hutsa baino ez da borroka unibertsala borroka txikiagotan banantzearen arrazoia, baina aritmetika-kartografia horren oinarrizko arrazoi neurria zein den ez dakigu zehaztasunez. Hots, erosotasun intelektualak eta zehaztasun matematikoak, "hori baino ez" bada ere, sozialismo suizarraz, frantziarraz, alemaniarraz.... mintzatzera eramaten baditu, edo borroka gunea "jaiotze arrazoiek" baino ez badute zehazten, zein izan daiteke euskal sozialismoa, katalana, edo esparru geografiko galizarra ez aipatzearen arrazoi?. Ezen, jaiotze, errealitate eta ideosinkrasia desberdintasunak egon badaude Suiza eta Frantziaren artean, Alemania eta Italiaren artean, Extremadura eta Catalunyaren artean, Galiza eta Erresuma Batuaren artean, Badajoz eta Euskal Herriaren artean, desberdintasun desberdinak bai, baina ez du azaltzen batzuk aipatu eta besteak ahaztearen arrazoi neurria. Kasualitatea agian, ohitura beharbada. Somatu ordea, soma daiteke Espainiar nazionalismoa (eta orohar estatu-nazioa) dela PSOEren kartografia unibertsalaren oinarri.

      Eta PSOEren lepotik antzekoak oso gutxitan ikusiko badira ere, ikuspegi "unibertsalista" sendotzeko edo Espainiako ikurretaz trufa ere egingo dute, hori bai, esan bezala oso oso gutxitan. 1971ko apirilaren 1eko "Le Socialiste"ren azken orrialdean gertatzen den bezala, non "Boterea, edukina eta itxura" izenburuko idazkian determinismo ekonomikoaren defendatzaileak kritikatzean, hauen pare parean jartzen ditu "era hipokritan batasuna, patua (destino) eta independentzia nazionala deitutako bestelako ipotx mitologikoak". Horrelakoak salbuespen dira eta, gainera, beharbada kritikaren funtsa ez dago aipatu kontzeptutan, "era hipokritan" erabiltzean baizik. Ezin uka ordea, maximalismoen kritika mahai gainean dagoela.

      PSOEren "sozialismo mundialistaren" bi abizenak "humanista" eta "demokratikoa dira". Espainiako sozialistek gizakia jarriko dute iharduera politikoaren erdian. Sozialismoa gizakiaren neurrira, sozialismo humanista eta antzeko kontzeptuak erabiliko dituzte haien azken helburua gizakia-gizateriaren ongizatea dela azpimarratzeko. Askatasunarekin lotzen den ongizatea, zapalkuntza guztien askatasuna: "ekonomikoa, politikoa, sexuala, kulturala, inperialista.... eta orohar zapalkuntza guztien ezabaketa", zehaztuko dute hainbat idazkitan. PSOEren bai azken helburu gizatiarra, bai ideologi oro-askatzaileak ez dio arreta berezirik eskainiko ez zapalkuntza linguistikoari, ez zapalkuntza nazionalari, ez zapalkuntza kulturalari... sentipen hauen guztien sustraia Espainiako estatuaren barruan kokatzen denean. Estatuko mugetatik kanpo oinarri oinarrizkoak diren "garapen bideetan dauden herrien autodeterminazioa", "herri saharaguiaren aitorpena zein autodeterminazio eskubidea", "herrien autodeterminazio eskubidea" eta antzekoek ez dute segidarik "barruan". Estatu espainiarrean "estatu integrala" eta "espainiaren batasunaren errespetua" dira edozeren neurri, hortik aurrera, "burujabetzarik gabeko deszentralizazio politiko-administratiboa". Arrazoibide erabat lineala sozialistena, Estatu barruko herririk ez aitortzean, ezin beste inongo giza zapalkuntzaz jabetu. Zapalkuntzik ezean, ezin askatu beraz. Horratxe estatu integrala prestu, eta gainera gizatiarra.

      Antzeko gauza gertatzen da bigarren abizenarekin, hots, "demokratikoarekin" (20). PSOEkoek esango dute sozialismoa eta demokrazia idei banaezinak direla, batak bestea gabe ez duela izaterik. Demokrazia ezinbesteko bitarteko eta helburu izango da aldi berean. Bitarteko lehia demokratikoak sozialismoaren etengabeko dinamismoa bermatzen duelako eta azken helburuan oinarrizko eskubide guztiak gauzatu nahi dituelako. Beraz, idei guztiak defendatzeko aukera, era guztitako alderdi politikoak osatzeko eskubidea, sufragio unibertsaleko hauteskundeak, adierazpen askatasuna, manifestazio eskubidea, zentsuraren amaiera eta gainontzeko egitasmoekin araubide demokratikoen baitan borrokatuz, jendea bereganatuz, eskubideak aldarrikatuz eta hauteskundeak irabaziz eraiki nahi dute PSOEkoek heuren lantegi sozialista. Are gehiago, hain izango dira banaezinak demokrazia eta sozialismoa, ezen PSOEk aitortuko du araubide demokratikoaren barruan ez bada, nahiago duela bertan behera geratzea, zera, hurrego baterako edo beranduagorako uztea sozialismoaren eraikuntza.

      PSOEk zurrun jokatuko du balizko iripide hauekin bereziki komunistekiko lehia ozpinduan. Kristonak eta bi botako dizkiote elkarri, irainetatik hasita argudio politikotaraino, baina PSOEren borroka ikur erasokorrena oinarri demokratikoen aldarrikapena izango da. Sozialistentzat onartezina da langilegoaren diktaduraren asmoa, eta komunistek espreski salatu eta errefusatzen ez duten bitartean ezin izango da inongo elkarlanik bideratu, biak ezkerreko alderdiak izanda ere. Zalantzarik gabe sozialista eta komunisten arteko aurkaritzan egon bazeuden bestelako azpiarrazoi partidistak, baina tira, PSOE oposizioko gainontzeko talde nagusienekin (monarkikoak, errepublikarrak, nazionalistak, sindikatuak...) harremanak zituen bitartean, Alderdi Komunista balizko edozein estrategia zein elkarlanetik at geratu ezezik, haiekin biltzeari ere uko egiten zioten. Demokraziaren araubideak eta hiritarren hautuen gehiketa hutsa baino ezin ziren izan Estatuaren egituraketaren oinarri, baina aukera guztien balizko berdintasunaren oinarria "Espainiaren batasunaren errespetuaren" harlauzaren gainean zegoen finkatuta. Lurralde antolaketari dagokionez, PSOEk aldarrikatzen zuen demokraziaren aukera guzti horien barnean "Espainiaren batasunaren" hautua baino ez zen posible. Hortik aurrera, bakoitzak nahi duena eta sozialistek, "Estatu integrala".

      PSOE, erabat demokratikoa, edozein egitasmoren aurrean lehiatzeko prest egoteaz gain, hiritarrek erabateko askatasunean egindako hautua baino ez zuen onartzen Estatuaren ekonomia, osasuna, hezkuntza, nazioarteko harremanak zein beste atalak kudeatzeko. Herritarrek ekonomiaren antolaketa kapitalista behar zuela izan ebatziz gero, PSOEren asmo politikoak erabat aurkakoak izanda ere prest ageri zen gehiengoaren iripidea errespetatzeko baina, hiritarren erabateko askatasunaren barruan ordea, ez zen sartzen Estatu espainiarra bat izatea ez zen beste aukerarik, are gutxiago Estatuaren barruan herri bat baino gehiago egon zitekeela pentsatzerik. Aukera guztiak bere baitan jasotzen ez dituen sozialisten "aukera guztiak" hori pentsakera politiko zilegia den neurri berean, demokraziaren hautu askeari espainiar nazionalismoaren atalasearen baldintza jartzen dio. Ez baitago kanpoan zatia uzten duen dena-rik.

      Orain artean aipatu diren elementuek PSOEk deszentralizazioa eta unibertsalismoari buruz proposatzen zituenak ederki zehazten badute ere, Burgosko epaiketari erantzunez sortu zen gizarte oldarraldiaren haritik PSOEk kaleratutako iritziek alderdiaren aurpegirik espainiolista-zentralistena erakutsiko dute. Burgosko epaiketak sekulako zirrara sortu zuen bai Estatu espainiarrean, baita nazioartean ere. Esatu barruan piskanaka piskanaka indarra hartzen ari zen oposizioak ordura arte ezagutu ez zuen mobilizazio gaitasuna erakutsi zuen milaka eta milaka lagun mobilizatuz, lantegietan geldialdiak eraginez, kalean istilu latzak eraginez etab.

      Ustez ETAkideak ziren euskal independentistak auziaren erdi erdian egonik, ekidin ezina suertatzen zen auzi politikoaren inguruan (euskal abertzaletasuna, herrien eskubideak orokorragoa izan nahi badugu) zuzenean edo zeharka jarrera bat hartzea. Era batera edo bestera protestaldiekin bat egin zuten talde, elkarte, alderdi politiko, sindikatu, enpresa batzorde eta bestelako mota desberdineko erakundeek frankismoaren zapalkuntza politikoa salatu eta auzipetuei elkartasuna adieraztearekin batera, Euskal Herriaren eskubideen aldeko jarrera baikorra azaltzen zuten.

      PSOEko militanteek ere zuzenki parte hartu zuten hainbat eta hainbat mobilizaziotan, bai Estatu barruan bai atzerrian, "Le Socialiste" aldizkariak hauetako asko jasotzen ditu albistetan. Burgosko epaiketaren aurka sortutako oldarraldiak iraun zuen denbora tarte horretan, arrunta den bezala, "Le Socialistek" sarritan hartzen du gaia hizpide editorialetan, agiri ofizialetan, federazioen komunikatutan, berrien kontaeran eta bestelako kazeta generotan. Eta lerro politikoak bi ardatz izango ditu: frankismoaren salaketa eta auzipetuen askatasuna eskatzea batetik, jadanik "euskal gatazka" izendatzen zenaren errua frankismoaren zentralismo gehiegikeriari egoztea bestetik.

      Garai hartako testuinguruak eraginda bigarren formulazio honek interpretazio zabalerako bide eman badezake ere, are gehiago sozialista catalanek euskal abertzaleen borrokari adierazitako begirunearen edo PSOEk lurraldeen "autonomismoaren" aldeko keinuen ondotik, 1971ko urtarrilaren 21eko "Le Socialiste"n berriro ere "Sozialismoa eta abertzaletasuna" izenburupeko artikuloak aiztoaren zorroztasunez argituko du alderdiaren jarrera. Aipatu artikuloak dioenez, "sozialistentzat" banaketarena ezezik, "autonomia ere ez da balio absolutua duen eskubidea", izan ere hori guztia alderdiaren "klase borroka" estrategiaren menpe egongo da. Beraz, eta oinarrizko eskubide izaera onartzen ez denez, alderdiaren estrategiari ongi egokitzen bazaio autonomia egon egongo da, ez bestela.

      Estatuko lurraldeen sujeto politiko osoaren aitorpena erabat errefusatuta, aipatu ere ez baitu gehiago aipatzen halakorik adierazi dezakeen hitzik, "autonomiaz" arituko da aldarrikapen, eskakizun edo balizko egitasmo honen inguruan PSOEk duen iharduera partidista eta instrumental hutsean sakontzeko. Argi eta garbi ulertzeko moduko hitzak erabiltzen ditu: "Erregimen zapaltzaileari, monarkia espainiarra edo egun frankismoa dena, indarra galduarazten dion edozerk gure begikotasuna eta elkartsuna du, horregatik babesten dugu autonomia eskubidea eta baita banatzearena ere, gorrotatzen dugun erregimen zapaltzaile bat suntsitzeko bitartekoak direlako". Hori, une zehatz horretan bitarteko politikoak direlako, baina ez besterik, balizko irakurketa okerrak ekiditearren artikuloak berak zehaztuko duenez: "Baina gaur egun erregimen zentralista eta tirano baten aurrean babesten ditugun autonomiak ez zaizkigu egokiak irudituko etorkizuneko erregimen demokratiko eta errepublikarrean". Kasu bada, ze iragartzen dute orain aldarrikatzen duten gauza bera gero ukatuko dutela. Baina antza, ideia oso argi geratuko ez ote den kezka latza du artikulogileak eta zera gaineratzen du jarraian: "abertzaletasunak indarra kentzen dionez, egitura diktatorial-zentralistaren suntsipena errazten du, baina ez da ez bidezkoa, ez da aurrerakoia izango mugak altxatzea kontinenteak batu eta nazioarteko bizitza lortu nahi dugunean".

      Autodeterminazioari "astakeria"(21) deituko diote, sujeto politikoaren arrastoa edo itzala gordetzen dutelako errefusatzen dute sozialistek banatzeko eskubidea zein autonomismoa, eta idazki berari jarraiki PSOEk erregimen "zapaltzaile zentralistari" aurrean jartzen dion alternatiba "deszentralizazioa" izango da, hori bai "aurreko arazoarekin (autonomiaz ari da) nahasten dela, baina ez du zerikusirik". Eta horrela definituko du sozialisten deszentralizazioa: "zeregin ekonomiko eta administratiboak udaletatik egitea", edo aurrerago hizpide izan dugun artikulo batean zioen bezala "burujabetzarik ez duen autonomi administratiboa", hots, Estatu frankista zentralistatik estatu integralera da PSOEren bidea eta ez bedi atera hortik zeren bestela, 1972ko otsailaren 3ko "Le Sozialiste"n berresten den bezala, "aniztasuna sakabanatzailea izango da aniztasun txarra", eta sozialistena aniztasuna bai baina "batasun eragilea da, aniztasun ona", Bata bestearengandik zerua eta infernua bezain urrun antza. Gero ordea, Espainiaren lurraldetasun irizpidea horren argiro zehaztu ondoren, sozialisten tesi unibertsalistarekin borobiltzen du ardatz izan dugun artikuloa.

      PSOErentzat "autonomismoak" berak ere uneko zilegitasun partidista-istrumentala baino ez duen arren, nahiz eta kontzeptuaren erabilera demagogiko-errentagarria argiro aitortu edo beharbada horregatik, Estatu espainiarraren erabateko batasuna nola edo hala ezbaian jartzen duen frankismoaren oposizioko oro halabeharrez eta gogotxarrez jasan beharreko laguna izango da sozialistentzat. Zeren, PSOEren baitan Estatu espainiarraren batasunak sortzen duen lehen mailako kezka sakonak eraginda, frankismoaren zapalkuntzen salaketa eta erregimenak eragin dituen kalte guztiei (atzerapen ekonomikoa, nazioartearekiko isolamendu politikoa, gizartearen haustura....), "Le Socialiste"k errepresio basatiarekin "Espainiaren batasuna arriskuan" jartzearena gehituko dio. PSOEren aldizkariaren 1970eko apìrilaren 23ko alean burutu gabeko Espainiaren batasunaren irudia azaltzeko(22) lehenengo aurreratuko du "batasuna aurkariak urtzea" dela, elementu desberdibekin gorputz berri bat osatzea. Jarraian zera gehitzeko, "Gaztelak beste lurraldeei uztarria inposatzea, zangopean hartzea lortu arren integratzea ez duela lortu". Beraz, errealitatean, "Espainiaren batasuna ideia bat baino ez da izango". Eta idazleak benetan tristea deritzo "bat, handia eta askea" lelopean mende herena eman ondoren, "inoiz baino desegituratuago egoteari". Hauxe guzpidea sozialistena, dena gaizki atera beharra. Badirudi PSOEkoentzat Guda Zibila galtzea, faxismoa eta gainontzeko guztia gaitzerdi zatekeela gutxienez behin betiko Estatuaren batasuna bermatu izan balitz....baina ezta hori ere!. Alderantziz, arazoa areagotu baino egin ez duenez, "frankismoa amaitzen denean, laister, ez bat, ez bakarra, ez askea. Arazoa bere gordintasunean" mahaigaineratuko dela iragartzen du. "Jarrera espainiarrak" (23) da artikuluaren izenburua.

      Zeharka bada ere Estatuko lurraldetasunaren zein sujetu politikoen bilakaeran zapalkuntza egon egon dela onartzen dute baina hau gainditzeko bururatzen zaien aukera bakarra asimilazioa da, oinperatuak "berez" gauzak horrela direla onartu arte zapalkuntza borobiltzea alegia.

      Ikusi dugun bezala, Alderdi Sozialistak demokraziaren oinarriaz, zapalkuntzen askapenaz, antifrankismoaz eta bere borrokaren unibertsaltasunaz zuen diskurtsoek emeki emeki aski zizelkatua utzi dute PSOEren nazionalismo espainiarra eta Estatu barruko beste sujeto politikoen ukapena. Diskurtsoen hari desberdinei jarraiki, zuzenean edo zeharka, tira eginez beti mataza berberera iritsi gara. Baina batzutan lerroarteko irakurketa edo ondorioztatzearen bidez osatutako sozialisten nazionalismo espainolistaren irudia, beste batzuetan gordintasun osoarekin azalduko zaigu, hots, zehazki eta esplizituki adierazia.

      PSOEren balizko unibertsalismoaren gainetik espainiar nazionalismoa dago, edo zehatzago nazionalismo espainiar-gaztelarra. Kasualitatea izan al ez, nazionalismo espainiar zorrotzena islatzen duten artikuluek bat egiten dute denboran Burgosko epaiketaren aurka sortu zen gizarte oldarraldiarekin, euskal abertzaletasunak sekulako begirunea lortu zuen unea. Berdin da artikulu berriak idaztea (aurrerago gogora ekarri duguna), edo II. Errepublikako buruzagiek esandakoak hitzez hitz bereak egin eta "Le Socialisten" argitaratzea, ez bedi geratu zalantzarako pitzadurarik. Fernando de los Riosen hitzaspertua jasoko dute lehen aipatu 1970eko alean eta bertan ageri denez, sozialistek beste zenbaitetan gogor arbuiatzen dituzten arrazoiak (arrazakeria barne) bere egingo dituzte espainiar nazionalismoa goratzartzeko. PSOErentzat ez zen posible federalismoa, hortaz luze aritu gara, eta integrala izan behar zuen estatuaren muina gaztelarra baino ez da izango zehaztuko du De Los Rios-ek: "Espainia osoan ez baitago Gaztelarena ez den beste genio politikorik". Sujeto ezezik "genioa" ere baden hori, "Gaztela, Espainia gaztelartua eta Espainiari darraion gidoia enpresa historiko haunditara deituta dago". Eta haien burua arrazionalista, materialista dialektiko, marxista eta humanistatzat duten horientzatz aipatu jardunbide politikoaren arrazoi nagusia "Gaztelan eta gure arrazaren jenio politikoaren baitan dugun sinesmenean" oinarritzen dute. PSOEren espainiar nazionalismoaren zuztarra Estatuaren lurralde bateko, Gaztela, inperialismoa da ukitu arrazista, garai bateko inperio kolonialaren goratzarrea eta guzti. Mende oso batean zehar Internazional Sozilistaren baitan kolonialismoaren inguruan emandako eztabaida guztiak ez dute beste eraginik izan PSOEren ideologian. Hainbat artikulotan berresten duten bezala, oraindik inperioa dute buruan, alajaina!.

      Gaztelak Estatuko gainontzeko lurraldeei ezarritako uztarria harrotasunez haizetaratu ondoren eta inperioaren ideiari uko egin gabe dirautela ikusirik, hobeto ulertzen da PSOEren unibertsalismoa. Bere bihurritasunean espainiar nazionalismoa goratu eta Estatuko gainontzeko sujetu politikoak ukatzeko goimuga ederki lotzen dituena: sujeto politikoen zilegitasuna ukatu unibertsalismoaren izenean baina Espainiaren burujabetza aldarrikatu EEBB base militarren politikaren aurrean EEBBk baino mundialagorik ez zenean, penintsulatik kanpoko herriei autodeterminazio eskubidea aitortu (24), baina bertakoei PSOEren ustez dagokien aitorpen bakarra Gaztelaren uztarripean daudela gogoratzea da. Bien bitartean Gibraltar "Espainiaren zati, zalantzarik gabe" (25) izango da, 1970eko uztailaren 30eko "Le Sozialisten" beste hainbatetan bezala inperialismo guztien aurkako jarrera berresten du "edozein motakoa izanda ere" eta, aldiz, , mugak zabaltzeko asmo arranditsuan murgilduta, PSOEk Espainiaren inperialismoa aldarrikatzen du bai itsasoaz bestaldean, bai penintsulan bertan XI. biltzarrean bere egiten baitu penintsula guztiko "proletargoaren ordezkaritza" Portugalen esistentzia beraren gainetik pasatuz. Gero komunistei "nazioarteko irizpideei jarraikeria" egotziko diete, "autonomia falta" bakoitzak berean egitasmo sozialista unibertsal eta demokratikoa gauzatzeko. Zer da berea ordea?, zein guzti honen lokarria?, hirugarren hau beharbada: bere ideologiarik eza aldarrikatzen duena dela ideologizatuena, "versus nazionalismoa".

      "Zertaz kexu zara, ez duzu ba nazioarteko politikan ezkertiarra izateko aukera?" zioen 1972ko urtarrilaren 20ko Le Socialistek frankismoaren balizko irekierak oposizioari eskaintzen zizkion aukerez trufa egiteko argitaratzen duen komikiak. Horixe bera izango da PSOEren apostua, nazioartean burujabetzaren aldekoa, Estatu barruan unibertsalista-internazionalista. PSOErentzat unibertso osoa eta bakarra Espainia zela ondorioztatuz dena lotzen da. PSOEren Batzorde Eragilearen bulegoa Touluousen.

      2-b Berrikuntza eta norabide aldaketa XII Biltzarrean, 1972.

      Sakoneko aldaketarik gabe gudalostetik zirauen PSOEren zuzendaritza eta diskurtso politikoaren berrikuntza edo belaunaldien arteko lekuko aldaketa gauzatzeko beharrezkoa izan zen haustura, eta sendi barruko hausturetan gertatu ohi den bezala barne giro liskartsu-ozpinduaren arrastotik garatu zen, bai aurretik, bai bitartean, bai ondoren. Bi aldeek etengabeko batasun deia luzatzen zuten arren, halakotan hori ere ohikoa baita.

      Aurreko atalaren hasieran aipatu dugun bezala, denborak aurrera egin ahala Estatu barruko federazio sozialistek indartzen ari ziren eta hedapen mugatuarekin bada ere, PSOEren ia eragile politiko bakarrak ziren. Europa eta Amerikan zehar sakabanaturik zeuden militanteen lanak nekez izan zezakeen islada Estatuaren egituretan, era berean, atzerrian kokatutako zuzendaritza politikoaren ihardueratik irudi testimoniala baino ez zen iristen Estatuko politikagintzara. II. Errepublika garaiko guardia zaharraren zuzendaritzak frankismoaren oposizioarekin ondorio eskaseko elkarlan asmoan, komunisten erabateko bazterketan eta klase diskurtso horiantzekoan zituen kokatuta lan ardatz nagusiak.

      Eta bien bitartean Estatu barruan sendotzen ari zen frankismoaren aurkako gizarte erantzunaren ezaugarriak ziren langileen mobilizazioak, errepresioaren aurkako erantzuna, talde politiko eta sindikalen egituraketa eskasa, etsai bakarraren aurreko batasuna eta aktibismoa. Hor lan eta borroka egiten zutenak barruko militanteak ziren ezinbestean. Gero ta abiada biziagoa hartzen zuen garapen politikoan murgildutako militante hauentzat atzerriko zuzendaritza urrun zegoen: urrun geografikoki gutxieneko koordinazioari, errealitatearen ezagupenari eta gertakariei erantzuteko, gero ta urrunago politikoki oposizio mugimendu berriaren ezaugarrietaz jabetzen ez zelako.

      Barruko egitura politikoak ahulak zirelarik, II. Errepublika garaiko atzerriratu sozialistak maisu eta ikur baziren ere, orain ordea, zaharrei zor zieten begirunea ahaztu gabe berrikuntzaren premia azpimarratuko dute Estatuko belaunaldi berriek. Alderdiaren ohiko iharduera funtsean zegoen arazoari irtenbidea emateko gai ez izanik, bi aldeen arteko luebakia zabalduz joan zen PSOE zartatu arte, luebakia are sakonagoa bihurtu zen, giro erabat mindua eta guzti (26).

      PSOEren berrikuntza beharrari eusten ziotenek alderdiaren XII. biltzarraren deialdia 1972ko abuzturako deitu eta berretsi zutenean zatiketa gauza emana zen, bai alderdiaren aparatuan, bai talde berritzailean. Orain batzuek zein besteek zuten kezka nagusiena zen eskura zituzten baliabide guztiak erabiliz alderdiko federazioak eta militanteak euren alde jartzea. 1970eko biltzarrean aukeratutako PSOEren Batzorde Eragilean historikoak ziren nagusi bost- bi aldearekin eta hasierako abantaila honi atarramendu gehiena ateratzen saiatu ziren: alderdi barruko idazkiak, "Le Socialiste" aldizkariaren argitarapena, nazioarteko kontaktuak... baina hala ere ez zitzaien aski izan. Berritzaileen alde zeuden Batzorde Eragileko bi kideak ordea alderdiaren finantziabide gehienen kontrola eraman zuten eta honekin batera "Le Socialiste" aldizkariarena, zeina bi hilabetez argitaratu gabe egon ondoren 1972ko irailean berriro atera zen kalera, orduan jada PSOE "berritua-ofiziala" izango zenaren eskutik. Baina honez gain, berritzaileen indarra Estatu espainiarreko militante kopuruan omen zetzan: "barruko" aparato politiko gehiena (B.E. barne), barne buletinak eta militanteekin eguneroko harreman zuzena.

      1972ko abuztuaren 13, 14 eta 15ean bildu zen PSOEren XII. biltzarra Toulousen, historikoen Batzorde Eragileak onartzen ez zuen batzarra eta beraz "alderditik kanpo" jotzen zituen bertara hurbildutako militanteak. Biltzarraren ondotik bakoitzak bereari eusteko komenigarriak zitzaizkion datuak kaleratzen zituen: historikoek alderdiaren gehiengoa haiekin zegoela zioten eta berritzaileek alderantziz noski. Kredentzialen Batzordeak (27) atzerriko 49 sekziok (1.187 afiliatukin) eta barrukaldeko beste 11 (2.216 afiliatukin) abuztuko biltzarrean parte hartu zutela baieztatu zuen.

      Tirabirak gora-behera, denborak aurreratu orduko argi geratu zen balantzak berritzaileen alde egiten zuela: alderdiko sekzio gehienen (ia guztien atxekimendua, bereziki barnean), "Le Socialiste" aldizkariaren kontrola eta II. Internazionalaren onarpen ofiziala ("historikoen alderdia" Internazionaletik kanpo uzten zuena). Beraz, hurrengo urtetan bi taldeek PSOE siglak bere egin nahi izango badituzte ere nahasmena eraginez, benetako PSOE abuztuko biltzarrekoa izango da. Bestea, pixkanaka pixkanaka ahulduko da, kide batzuek taldea utziko dute, beste batzuek PSOErekin bat egingo dute harik eta 1977 aldera erabat desegin arte (hauteskundeetara ere ez ziren aurkeztu).

      Esan bezala, PSOEren zuzendaritza egituretan ez ezik, sozialisten diskurtso politikoan ere ildo eraberritzailea ezarri zuen XII. biltzarrak. Ildo eraberritzailea batipat hiru esparrutan: oposizioarekin jorratu beharreko elkarlan estrategian, klase borrokaren inguruko kontzeptuen berreskurapenean eta Estatu espainiarraren lurralde antolaketan. Labur bada ere, aurreneko biak aipatuko ditugu hirugarrenean sakondu aurretik.

      Gainontzeko oposizioko taldeekin garatu beharreko elkarlanari dagokionez, aurreko Batzorde Eragilearen estrategia eta emaitza ezkorrak azpimarratuko ditu XII. biltzarreko txostenak. Izan ere, berritzaileek kritikatzen dutenez oraindik baten batzuk "uste dute konspirazioaren bidez desegin daitekeela sistema". Zalantzarik gabe, mobilizazio gaitasunik ez zuen II. Errepublika garaiko belaunaldiaren estrategi hitzarmenzale antzauaz ari dira, komunistak edozein elkarlanetik at uzten zuen lan ildoa (komunistena auzi eztabaidatuenetakoa izan zen alderdiaren husturaren garapen guztian). PSOEren lerro eraberritua jasoz biltzarraren irekiera hitzaldian Batzorde Eragilekoa zen Juan Iglesiasek azaldu zuen "diktaduraren suntsipena indar herrikoien ekintza jarraituak baino ez duela eragingo" (28) eta ikuspuntu berari jarraiki beste tarte batean gaineratuko dute "eraginkortasunik gabeko oposizioko indar tradizionalekin" ez dagoela elkarlan aukerarik. Honen aurrean, gainontzeko taldeekiko harremanetan, uneko elkarlana zein bere lehentasunak jorratzeko PSOEk izan behar zuen independentzia azpimarratzeaz gain, komunistekin hitzarmenak lortzeko aukera eta egokitasuna ikusiko dute bi alderdien artean desberdintasun "garrantzitsuak" daudela onartu arren.

      Klase borrokaren inguruko diskurtsoan berriz, PSOEren XII. Biltzarrak hizkera xuria erabiltzea eta ildo politikoan burgeskeria leporatuko dio aurreko zuzendaritzari. Aurrerantzean, "Le Socialiste" aldizkarian, alderdiaren asmo politikoak azaltzeko agiritan edo bestelako txostenetan PSOEren izaera marxista agerian uzten duten kontzeptu klasikoak azalduko dira behin eta berriro: "klase borroka", "burgeseria deuseztatzeko helburua", "klaserik gabeko gizartea", "ekoizpen baliabideen gizartaratzea", "langileriak boterea bereganatzeko asmoa", "iraultza sozialista" eta antzekoak. Aipatu kontzeptuok betidanik izan dira ezkertiarrak eta PSOEk erabiliak, baina XII. biltzarreko aurreko urtetan zuten agerpen maiztasuna eskasa eta edukin semantikoa askoz epelagoa zen. Orain, PSOEk alderdi ezkertiar-iraultzailearen irudia eskaini nahi izango du nabarmen.

      Ordura arte Estatu espainiarren lurralde antolaketaren inguruan PSOEk garatu zuen ildo politikoarekin alderatuz, XII. Biltzarrak bost-sei urte iraungo duen aro berri baten hasierako mugarria zehazten du. Estatuko zenbait lurraldetan aldarrikatzen den sujetu eskubidearenganako ulermen baikorrean eta aitorpen asmoan oinarritzen den jarrera berria. Hastapenak izan arren, erraz atzematen da pentsakeraren norabide berria bai biltzarreko txostenetan, bai honen ondotik "Le Socialiste" aldizkarian argitaratuko diren idazkien doinuan.

      PSOEren XII. Biltzarretik hasita, txosten nagusian "Nazionalitate Iberikoei" izenburupean eskaintzen zaien atal berezia azpimarratu beharreko aurreneko zantzua izango da. Bertan aitortuko dute Alderdi Sozialistak "nazionalitate desberdinen borrokaren azterketa zuhurra burutu eta, epelkeriak albo batera utzita, irtenbide koherentea eman beharrean dagoela". Beraz, ordura arteko politika zeharka bada ere kritikatzeaz gain (zuzendu beharreko epelkeri eta kontraesanak ekartzen baitituzte gogora), jarrera irekiagoa plazaratzen dute gaiaren azterketa oinarrian.

      Azterketa asmo horri jarraiki PSOEren XII. Biltzarrak esplizituki onartuko du "baldintza eta benetako nazionalitateen errealitatea hortxe dagoela: catalana, galizarra, euskalduna....Kanarietako kideen egitasmo nazionalistak ahantzi gabe". Aitorpen honek ez du ezkutatuko "separatismo erasokorrak" sozialistengan sortzen duen kezka, baina Holandako sekzioak aurkeztutako enmendakina aurrera ateraz, XII. Biltzarreko sozialistek nazionalitateen aldarrikapenak "zilegiak"ere bazirela agertu zuten, eta ez bakarrik "bidezkoak", hasierako txostenak zioen bezala. Bidezkoa dena zuzentasunari lotzen zaion bezala, zilegia denak zuzenbidea eskatzen du, aitorpenetik gauzapenerako bide horretan aurrerapausu esanguratsua instituzionalizaziorantz. Halaxe ba, balizko separatismoaren kezkak eta ohiko mundialismoaren lerrotik abertzaletasunari luzatu tartekako gaitsespenek ez dute eragotziko nazionalitateen oinarrizko eskubideen aitorpena. Biltzar amaierako "Jarrera politikoa" agirian ere hala zehaztuko dute: "Nazionalitateen arazoak duen garrantziaz jabetuta, PSOEk nazionalitate iberiko desberdinen aldarrekapen zilegiak babestuko ditu", 1973ko apirilaren 5eko "Le Socialiste" aldizkariak argitara ematen duen Batzorde Nazionalaren adierazpen politikoaren antzeko hitzak. Sozialistek Biltzarrean agertuko duten beste kezka hauxe izango da, nazionalitateen arazoarekin diskurtso hertsia garatuz gero lurralde hauetako langileriarengana iristeko zailtasun larriekin topo egingo dutela. Hortaz, zabaltasunak sozialisten diskurtsoa irensgarriagoa izatea bilatzen duen neurrian, ez du zentzu instrumentala erabat galdu.

      Ezin uka "nazionalitateen aldarrikapen zilegiak" onartzean ia eskubide demokratikoen pare jartzen direla eta, beraz, PSOEren baitan aldaketa egon badagoela. Dena den, Estatu espainiarraz ari direnean sozialistek oraindik ez dute gehiegi argitzen zein den nazionalitateen eskubide horien mamia. Hots, sujeto polikoaren eskubidea (autodeterminazioa), edo aurrerago zioten bezala autonomia ala burujabetzarik gabeko deszentralizazio administratiboa ere izan baitaitezke, eta bata bestearen aldean oso desberdinak dira. Adibidez, nazioarteaz mintzo direnean askoz argiago adieraziko dute XII. Biltzarrean "herri guztien autodeterminazio eskubidearen erabateko errespetua eta askatasuna demokraziaren baldintza" direla. Esaldi batzuk lehenago ondorioa aurreratzen dutelarik, "horregatik ezin gara geldi egon herri portugaldarrak edo greziarrak jasaten duten zapalkuntzaren aurrean". Kontua da eskubideen mamia ez zehazteaz gain, ez dakigula sozialistentzat "herri" eta "nazionalitate" konzeptuak parekideak diren edo ez eta dena delakoa zeren baitan. Aldaketa somatzen den bezala, zalantzarako aukera ere egon badago.

      Borroka nazionalistekiko jarrean diskurtso eraberrituaren beste arrasto bat utziko du PSOEk. Aurreko erabilera partidista gordin hutsetik aldarrikapenen zilegitasuna onartu eta borrokalariei elkartasun zabala (baita helburuekiko begikotasuna) adieraztera igaroko da. Adibide esangurutsuak dira Burgoseko epaiketa eta bi urte beranduago Eustakio Mendizabal ETAkidearen hilketaren ondoren kaleratu zituzten agiriak, auzipetuen askatasuna eskatu eta borrokaren erabilera instrumentala aitortzen zuten lehenengoan, bigarrenean ("Le Socialiste", 1973ko maiatzaren 3a) diote "Eustakio Mendizabal herri iberikoak zapaltzen dituen tiraniaren aurkako borrakarekin bat egin zuen seminarista ohia zela".

      "Nazionalitate iberikoen" kontzeptua aipatuko dugu azkenik. Gero eta sarriago azaltzen da PSOEren idazkitan "Espainia"rena erabat batzertzera iritsi gabe eta, bestelako zehaztasunik ezean, diskurtsoaren haritik nazionalitateen aitorpenaren berrespena adieraz dezake Estatu espainiarreko nazionalitateak Purtugalen eskubideen parean jartzen baditu, baina oso bestelakoa izango da ondorioa Portugal-en eskubideak zehaztu gabeko gainontzeko nazionalitateen mailara moldatzea bada xedea (gogoratu urte batzuk lehenago PSOEk "proletargo iberikoaren" ordezkaritzat zuela bere burua). Beharbada ez bata, ez bestea, eta frankismoak erretako "Espainia" hitzaren aldean nahiago dute "Nazionalitate Iberikoak" eta antzeko izendapen "aurrerakoiagoak" erabiltzea, bidebatez zehazgabetasuna euren alde jarriz.


      2-c. PSOEren alternatiba frankismoaren aurrean: haustura politikoa eta oinarri demokratikoen zehaztapena

      Aurkibidea Etxera